Meme hitza ez dator memelotik, mementotik edo mermeladatik. Richard Dawkins biologoak proposatutako terminoa da, mimema kontzeptu grekotik datorrena. Mimema «imitatua» da eta Dawkinsek iradoki zuen izaki bizidunok hori egiten dugula geneen bidez: informazio genetikoa imitatu, kopiatu, transmititu. Eta zer gertatzen da kulturarekin? Bada, natura geneetan nola, kultura meme deitu zion unitate batzuetan geroratzen da.
Memeka euskarazko meme lehiaketa antolatu dute Iametzak eta Azkue fundazioak. Meme asko daude Memeka webgunean. Hona grazia egin didaten bi: Maialen Lujanbio Lionel Messiri bizkarrean aupada ematen irribarretsu: Lujanbio da 4,9 bat ateratzen duena; Messi 8,9 bederatzi ez delako negarrez ari dena. Bigarren memea: labana odoldunetik ezkutuka dabil melenadun bat. Labanadunak hots egiten du «tipi-tapa tipi-tapa», eta melenadunak, erantzunari eutsi ezinda, bere burua salatzen du: «korrika!». Eta hara zer den txisteari grazia kentzea. Halaxe egin baitut. Memeak, ezinbestean, ikusita esaten du; kontatzen hasita desagertu egiten da umorea.