Jubilatuen bazkari batean ginen bertsotan. Otordu ondrosoa eman ziguten, otarrainxka, azpizun eta abar, eta halakoetan, bertsotarako ondo etortzen den aitzakian, antolatzaileari bertako kontuen berri galdetzen zaio. Algoritmoak nekez jakingo lituzkeen datuak lortzen dira: alkandoradunak inguruko gazta tarta onena egiten du; parekoa egunero paseoan ibiltzen da; hango musu-gorria baritonoa da. Antolatzaileak bizkarra emanda genuen andreari begira jarri gintuen: horko hori Maribi da, eta maitagarria da. Besterik gabe inor maitagarri izendatzea polita iruditu zitzaidan. Ile urdindua moñoan bildua zuen Maribik, azal zimurtua, lepoko perladuna eta bi begi urdin izoztu. Kantuan bukatu eta komunera jo nuen, eta handik irtetean atean Maribi. Nik ezer esaterako jata besotik heldu, indarrez bere aldera ekarri, eta bere ezpainek nire belarria ukitzen zutela hala esan zidan: «Nik ezagutzen nuen zure amona; oso ondo ezagutzen nuen nik zure amona». Eta gehiagorako tarterik utzi gabe, ni apartatu eta komunean sartu zen. Ordutik ezin dut beste ezertan pentsatu. Maitagarri batek sorginduta nauka.
Maitagarria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu