Gaur Iruñean lurraren defentsan manifestazio nazionala izango da. Honezkero, badakizkigu arrazoiak. Txarrenari onena atera dion indar bat sumatzen dut Aroztegiaren bueltan, eta halere, nola ez kezkatu? Lekarozen 225 etxebizitzaz gain, 47 hektareako golf zelaia eta 135 gela dituen Hilton hotela egin nahi dituzte. Hilton hotela. Bilatzailean jarri dut, eta euren web orrian, demaseko aukera artean, bidaia ekologikoak. «Arrunta da zure bizimoduak munduan duen eraginaz pentsatzea. Energia eraginkortasuna eta karbono emisioen murriztea ahalbidetzen duten bidaia jasangarriak askoren helburu dira. Helmuga hauek ikuspegi proaktiboa dute, etorkizuneko belaunaldientzat egungo paisaia eta mirari naturalak bermatzen laguntzen baitute». Hiru bidaia ekologiko proposamen datoz: Punta Mita, Washington eta San Lukas lurmuturra. Zerrenda horretan jarriko zuten Lekaroz? Baina ez dute jarriko. Tatxersek eta Olaia Inziartek Aroztegiari egindako abestian kantatzen dute: Zer bihurtu nahi dute harana haien museoa. Pikutara Hilton. Lur guzti hau landu dutenentzat.

Lurraren defentsan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu