Logika

Xabier Gantzarain Etxaniz.
2010eko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Izatez, nahiko bitxia da paperik gabe bat atzerritarra izatea, baina ez gara alferrik munduko bazter guztiak ustiatzen mendeak eta mendeak eman dituen kontinente batekoak, eta ondo asko dakigu paperik gabea ez dela gutarra. Erabat gailendu da diruaren logika, eta paperik gabea, atzerritarra da, arrotza, eta pobrea, eta etxegabea, eta langabetua, eta lapurra, eta bizkarroia, eta gaiztoa, eta bortxatzailea. Paperduna, izan daiteke pobrea, etxegabea, langabetua; izan daiteke lapurra, bizkarroia, gaiztoa eta baita bortxatzailea ere, baina salbuespena da, akastuna, arrastoan sartu ez dena, ardi beltza.

Paperik gabea, ostera, hasieratik da ardi beltza. Eta jatorrizko bekatu horrekin biziko da, eta jatorrizko bekatu horrekin hilko, suak hartutako jatetxe abandonatu batean, esate baterako, eta presaka iritsiko dira kazetariak, zer gertatu da, eta poliziak dena derrepente argituko du, arazo asko sortzen zuten, hogei bat aldiz etorriko ginen gutxienez azkenaldian, eta agintariei joango zaizkie gero kontu eske, eta haiek jabeari botako diote errua, utzikeriaz jokatzeagatik, ez botatzeagatik aterpe bilakatua zen eraikina, eta hor ibiliko dira, hildakoa gainetik nola kendu ezin asmatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.