Jira

Lo gozoa

Xabier Gantzarain Etxaniz.
2011ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Falujako haurren gorputz bihurrituen aurrean hustu nituen bederatzi urtean bota gabeko malkoak, bi buru zeuzkan batek, besoak eta hankak falta zituen besteak, baina malkoak neuregatik ziren, ezkutatu egin naizelako, erretiratu egin naizelako, ez dudalako protesta egin, ez dudalako inoren lo gozoa lehertu. Nahiago nuen xaloak ginenean. Urrun dago orain Ekialde Hurbila, urrun dago hurkoa, neure malkoez osatu anpulu umelaren epelean bizi naiz, eta Falujako haurren irudiak behar ditut neure sorgortasunaz ohartzeko.

Ez dut pentsamendurik, neuretzako besterik. Ispiluan, behazun beltza daramat begietan. Munduaren zama astuna egiten zait aspaldian, eta honek ez du etenik. Bila nabil, ez dut aurkitu oraindik, munduak ez du azalpenik.

Karlos Zurutuzaren artikulua irakurri nuen, Suntsipenaz, aita batek bere historia kontatzen du, alaba hil egin zitzaion minbiziarekin, semeak ere minbizia du, lana utzi du harekin egoteko, eta halako zenbat ote dagoen pentsatu nuen, eta Pello Zubiriak idatzitakoarekin akordatu nintzen gero, Uranio pobretuak hondatutako Falujako haurrak, eta nola pasatzen diren erreportaje horiek nire garunetik, datuak emanez, arrazoiak aletuz, bihotzean ximikorik egin gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.