Angel Erro.
JIRA

Lekuko bat

2022ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Edonor hiltzen denean, uzten duen munduaren lekuko ordezkaezina desagertzen da, zer esanik ez adinekoa denean. Galera are ordezkaezinagoa da astearte honetan hil den Josefina Lambertoren kasuan. Gerra Zibila iragan urrun bateko gertakari astuntzat pasarazi nahi diguten honetan gogorarazten digu orainera arte iritsi direla orduko izugarrikerien lekuko zuzenak. Lamberto ez da azkena, baina egiazki gero eta gutxiago dira. Gerokook lekuko izan garen izugarrikeriek ere, historiaren orrialdea pasatzeko presa gorabehera, biziraunen dute gure haragi-hezurrezko testigantzaren bitartez.

Josefina Lambertok gaurkora arte ekarri diguna latza da oso. Maravillas ahizparen bortxaketa, aitaren begien aurrean, eta gero bien hilketa. Berari esker justizia eskea ez du ahanzturaren zurrunbiloak irentsi. Hori da lekukoaren lana.

Josefinaren bizitzako gorabeheretan, ia atzenduta nuen, pasarte deigarrienetakoa luzaroan moja ibili ondoren fedegabetu eta komentua utzi izana da, kolpe eta erregimen frankistaren konplizea izandako eliza, egia eta argia gabe, kartzela eta etxekoen «zigorraren» luzapena zitzaiola ohartuta. Izugarrikeriak gaur egunera arte iritsi direlako lekuko ere izan dugu Josefina Lamberto Yoldi zena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.