Kurlinta mokomehea desagertu egin da. 1995eko urtarrilean ikusi zuten azkenekoz Marokoko Merja Zerga urmael urdineko larrean. Ordutik bila aritu dira, Errusian, Kazakhstanen bila, mundu osoan bila, baina ez dago bere arrastorik. «Kurlintaaaa!» dei egin diote, «kurli», «kurlitxo», «kurlinda» hots egin diote, baina ez da mokomeherik azaldu. Eta, kurlintek euren buruari kurlinta deituko ez baliote? Eurek ere izen propioak badituzte? Kurlintak bai, baina Mari Jose, Pankrazio, edo Ruper baldin badira? Animalien izenak ere gizakienak dira. Gustatzen zait Kurlinta izena. Kur-lin-ta. Kurlinta Akizu. Izan daiteke.
Kurlinta handiak eta kurlinta bekaindunak badira munduan oraindik. Pentsatu dut ornitologoei idaztea, baloratu dezaten, agian, kurlinta mokomehea handitu egin dela, edo bekainak ipini dituela —ez dugu ba usteko gizakiok soilik ditugunik edertasun kanonak—. Baina ornitologoak txoriburu xamarrak direla imajinatzen dut, eta ez naiz atrebitu.
Ez, benetan, penatuta nago. XXI. mendean iraungitako aurreneko hegazti espeziea da kurlinta. Ez dakit nondik eta nola, baina asmatu beharko dugu desagerrarazte hauei toki duin bat ematen.