Galdera zaila egin dit lagun batek: zer da kuadrilla bat? Agian zer erantzun ez nekiela ikusi nauenez, galdera birformulatu du: «Zure ustez, batek bi kuadrilla izan ahal ditu?». Horrek lagundu nau kokatzen: familia, erlijio, ideologia edo aberriaren eremura eramaten gaitu horrek, galdera zail bera egin bailiteke edozein hitz horiez ere. Erantzun egokira hurbiltze maniobrak egiten hasi naiz, galdera baten bidez neu ere: «Bi kuadrilla aldi berean edo bizialdi batean?».
Argi dagoena da kuadrilla gabe bizi daitekeela; ni oso berandu sartu nintzen dagoeneko egina zegoen batean, eta horrek aldi berean kuadrilla edukitzera eta ez edukitzera eraman nau; benetako euskal kuadrilla bat benetan zertan datzan guztiz ez ulertzera ere, susmoak baino ez ditut. Erakunde bat baino organismo autonomo bat da. Beste lagun batek behin esan zidan euskal kuadrillak greziar antzerki klasikoko koroaren funtzio bera betetzen duela: norberaren nortasunaren aurkakotasun kolektibo hertsatzailearena.
Esaera zahar batek gomendatzen digu adiskideak hurbil izateko, baina etsaiak are hurbilago. Esaldi horri esker gogoratu ohi naiz, kuadrilla bat ikustean, gertuko etsai talde bat dela. Ai, baina hain dugu beharrezko nortaz arranguratzea edukitzea tartean!
JIRA
Kuadrilla
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu