Covite elkarteko presidentearen ausardia inoiz goraipatu dut, anaia zenaren alderdiak egiten duen biktimekiko erabilera salatu duenean bezala, ez baita hain ohikoa gertukoen izan ahal dituzunen gehiegikeriei erreparatzea eta are gutxiago haiek jendaurrean salatzea.
Behin hori esanda, aitortu behar dut, nire ustez, ez duela asmatu Mikel Antzari Nafarroako liburutegi publiko batean koordinatzen edo gidatzen duen irakurle taldea kendu beharko lioketela eskatu dienean Nafarroako Gobernuari eta inplikatutako udalei. Maria Txibitek bat egin du eskaerarekin. Alde batetik, gizon librea delako, eta halakotzat tratatu beharko lukete denek hala den bitartean; baina, beste aldetik, hala ez balitz ere, ez al da suposatzen «askatasuna kentzeko zigorren eta segurtasun neurrien helburua pertsona berreztea eta birgizarteratzea» dela?, ez lituzkete, beraz, bitartekoak erraztu behar, edo behintzat oztoporik ez jarri, lehengo bizitza normalizatura itzul dadin? Eta, antza, literaturan eta taldeen koordinazio eta gidaritzan eskarmentuduna da Antza.
Hori hala ote den gertutik egiaztatu (edo gezurtatu) nahi duten erabiltzaileen esku utziko nuke nik Aurizberriko (eta Nafarroatik kanpoko beste herrietako) irakurle taldeen jarraitutasuna.