Udak abenduak baino gehiago hausten du urtea. Iraila mundua berriz ere martxan jartzeko hilabetea da, berriz konpontzekoa, berriz hasteko. Umeak besoari nola, irailari lotuak daude berriz eta hasi. Baina irail batzuk berriegiak dira berrizka hasteko. Haur batzuentzat lehen eguna da hezkuntza zentro batean. Heldu batekin egin behar dute egokitzapen deiturikoa, beste ezer baino lehenago egokitu egin behar delako hemen. Irakasleak banan-banan agurtu ditu haurrak, eta helduei aulki bana eskaini die. «Hemen egon, begiratu bai, haurrari kasu egin, baina ahalik gutxien mugitu zuen lekutik. Irakurri libururen bat, josi, eskulanen bat egin, baina ez erabili mugikorrik, mesedez». Denentzat da egokitzapena. Helduetako batek galdetu du ea bihar posible duen haurrak bere arreba zaharragoarekin etorri, hirugarren mailan dagoela jada arreba, oso arduratsua dela eta harreman ona dutela elkarrekin. Beste batek galdetu dio haurra ondo moldatzen baldin bada ea posible duen denbora gehiagoz utzi, jangelan ere urria baino lehen hastea nahiko lukeela eta arratsaldeko zaintzarena norekin kontsultatu behar den. «Aitona» eta «amona»-ka ari dira haurrak. Eta berriz ere kontziliazioa, ditxosozko eskubide hori, pribilegio bat dela konturatzen zara.
Kontziliazioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu