maialen akizu 34 172x172

Kontzejuak

2024ko irailaren 5a
05:00
Entzun

Arabako antolaketa administratiboa kosta egiten zait ulertzen. Badakit antolaketa horretan hiru elementu nagusi daudela —kuadrillak, udalerriak eta kontzejuak—, baina ez zait erraza jarduteko modua irudikatzen. Uste dut kuadrilla hitzak nahasten nauela gehien. Kuadrilla «bat eta bakarraren» totema errotuta daukat, eta kuadrilla eta «demokrazia zuzena» esaldi berean lotzeak bekainak altxatzen dizkit. Kontzeju hitza ere gipuzkoar belarrietatik entzuten dut; azkoitiar batek halatsu deitzen dio aholkuari. Kontzeju eske Mentxu Ramilo eta Rebeka Gonzalez de Alaizarengana joango nintzateke. Atzoko berripaperak zekarren elkarrizketan Arabako gobernantza sistemaz dihardute, higadurez eta lorpenez. Esaterako, Gonzalez de Alaizaren kontzejuan, Erroetakoan, proiektu eoliko bat egin nahi zuen enpresa bat gelditu zuen herritarren batzarrak —erabakiaren tramiteak nahiz eta oztopoak izan, proiektuak bertan behera dirau—. Eta horrelako kapituluak gogoratzea ere behar dugu: herritarren erabakiak enpresa bat gelditu du, barrikadarik jarri gabe, atxilotu eta ubeldurik gabe, batzar bateko eztabaida eta batasunaren ondotik. Gutxienez, kuadrillan kontatzekoa da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.