Gertatzen da: ikasgela batean, 12-13 urte, boterea erakutsi nahi duen handikiak esaten duela «kamiseta urdinarekin etortzen denari hamaiketakoa kenduko diot», eta hamaiketakoa kentzen dio kamiseta urdinarekin etortzen den lehenari, bigarrenari, hirugarrenari. Lepoa jokatzen dizut, kontra-botere oso sendorik ez bada, autoritateak irmo esku hartzen ez badu, ikaskideek, arauarekin ados egon edo ez, badaezpada, ikasgelara kamiseta urdinarekin etortzeari utziko diotela.
Antzerakoa gertatzen ari da hizkuntza politikarekin. Eskala makroan legebiltzarraren eta administrazio publikoaren eskumena dena, botere judizialak bere egin du. Zabalkundea izan dute «neurriz kanpoko» euskara eskakizunagatik ebatzi diren sententziek, gazteleraz baino ez dakitenentzat diskriminatzaileak direla ziurtatu da, eta «oldarraldia» deitu zaio estrategia honi. Orain, ordea, epaitegiei iskin egiteko, administrazioa bera hasi da neurriok aplikatzen. Azkena Bizkaiko Foru Aldundia: «segurtasun juridikoaren» izenean, lan eskaintza publikoen erdiei soilik ezarriko zaie euskara eskakizuna. Koldarraldi betean gaude.