Ez nekien aurreneko unibertsitatea Magreben eta emakume batek sortu zuenik; Bizuma Kenyako emazte batek asmatu zuela; Ruandak duela munduan andreen ehuneko handiena erakunde publikoetan. Maya Amrane eta Hilaria Vianekek Ahomentan-en izandako elkarrizketan arrazakeriaz eta feminismoaz sakon eta zorrotz hitz egiten dute. Euskal Herria arrazista ote den galderari beste zati bat gehitzen diote: Euskal Herria arrazista eta klasista da? Kontua ez delako arrazistak garela onartzea edo ez bakarrik, kontua gehiago da noiz dugun boterea, zerk ematen duen estatusa, nola gaitzesten den bestea, non zuk, zertarako guk, zergatik egiturak. Camille Schmoll ikerlariak atzo egindako elkarrizketan ere Mediterraneoko migrazioaz eta emakumeen aferaz dihardu, eta garbi esaten du emakume migranteak ez direla biktimak, ezta superheroiak ere; migratzaileek askotan ez dutela itsu-itsuan Europa helburu, EBren politikek eurek bideratzen dituztela hona, migrazioa garestia dela eta fenomeno soziala. Eta elkarrizketa mamitsu hauen ondotik tabernako bi neska ere tertulian gizonezkoen Eurokoparen karira: «Tia, ezetz, ez da guapoa. Beste moro guztiak bezalakoa da».
Klasista
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu