Irango erregimen teokratikoak Moralaren Polizia bertan behera utziko duela jakitera eman zenean, inork ez zuen dudarik izan bertako protestak, gehienbat emakumeak protagonista dituztenak, apaltzeko estrategia ez sinesgarriegia zela. Nik notiziaren berri jakin nuen toki berean jakin nuen berez gaur egun ez zela beharrezkoa ere, aski bitarteko tekniko dagoela moraltzaingorik gabe ere herritarrak estu hartzeko.
Bertakoek ere ez dute neurria askietsi, protestek jarraitu egin baitute, nahiz eta gure hedabideetan gero eta oihartzun apalagoa lortu, normala denez, gaurkotasunaren abiada oso esker txarrekoa izaten delako luzatzen diren gatazkekin, nolabaiteko gorakada egon ezean. Iranen egon da gorakada hori, zoritxarrez. Emakumeen protestak babesteagatik lehenengo heriotza zigorrak ematen eta betearazten ari dira. Hainbat gizon urkatu dituzte. Beste batzuk bidean dira. Haietako bat, Irango futbol jokalari bat da, Amir Nasr-Azadani.
Iranetik geografikoki eta politikoki hain urrun ez dagoen Qatarren horrek zer oihartzun izanen du? Bertako ohiturak kiroltasunez errespetatu beharra zegoela esaten zutenek hau ere hartzen zuten barne? Nazioarteko negozio mamitsu batek ahantzaraziko dizkigu berriro bidegabekeriok?
JIRA
Kiroltasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu