Kontatu dut Karla izena gustatzen zaidala. Zerbait buruan katramilatzen zaidanean belarriak harrapari bihurtzen zaizkit. Nik gehiago harrapatzen dut belarriekin eskuekin baino. Atzo, adibidez, kamiseta marradun eta galtzetan petatxoa zuen ile-kizkur bati zebra-bidearen beste aldetik Pol hots egin zioten. Pol, borobil-borobil. Eta pentsatu nuen Pol ere izan nintekeela, Karla eta Pol ez daudela hain urruti, eta nire haurraren izen-posibleen-zerrendan sartu behar nuela Pol.
Izen-posibleen-zerrendan sartuko ez nukeen izena da Txetx. Gure amak askotan erabili du «txetx» nigana zuzentzeko. Etxe batzuetan da «eitx!», beste batzuetan da «tsh!» edo atzamar erakuslea zut altxatzea. Sukaldeko ur irakinetatik gertu baldin banabil, edo zapatilak behar ez diren tokian botata utzi baditut, edo badakidala ez dakidan itxurak egiten ari banaiz, amak esaten dit «txetx!», eta jakiten dut banekiena.
Jean Noel Etxeberri garaztarra da Txetx. Ez dakit bere izenaren mudatzea nondik norakoa den. 2016 bukaerako Luhusoko operazioagatik izango da epaitua, behin eta berriz txetx esan nahi diotelako; baina Txetx bera da.