Asteburuan Wendy etorri zen bisitan. Wendy Erasmuseko lagun bat da, mexikarra, dantzaria, buru-gogorra eta zuzenbidea ikasia. Euskal Herrira etorriko zela hitzeman zidan, askorik ez ninduela katramilatuko, asteburu bat egongo zela nirekin, gehienez. Ostiralean iritsi zen eta igande arratsaldean motxila hartuta joan zen «agur, linda» esanda.
Larunbatean, ordea, ondoko herriko festetan izan ginen. Poteoa, erraldoiak, trikitia eta gaua. Txosnengatik galdetu zigun, zer ziren eta zergatik zeuden bi. Sozialismoa eraiki pankartadunaren eta Gazte borroka geldiezina da-ren arteko diferentziez hizketan hasi eta politikaz sutsu eztabaidatzen ari ginen konturatzerako. Wendy jurista sinestun horietako bat da, elkarrizketa, elkarbizitza eta bakea existitzen direla uste duena, eta han hasi zen sozialismoa eraiki barrako zerbitzariari argudio eske, aipu marxistak errezitatzen, perreatzen erakusten. Gero, beste txosnara joan, eta bertakoari ere gazte borroka azaltzeko eskatu zion, Gasteizko txosnena juridikoki arrazoitzeko, Mexikoko errepublika federalaren gainbehera azaldu zion eta kunbia dantzarazi. Ia etxeratzear geundela hiru tekila txupito atera zituen Wendyk. Barrakoei deitu, eta txin-txin hotseko bake-itun bat sinarazi zien bi aldeei.