Maialen Akizu.

Karla eta haustura

2024ko uztailaren 25a
05:00
Entzun

Bikotea uzteko onena egun horretan eder esnatzea da. Akaso horregatik hausten dira hainbeste bikote udan, denok gaudelako ederrago-edo. Halatsu jaiki nintzen atzo; eder, lasai eta konbentzituta. H.-rekin geldituta nengoen eta garbi nuen esan beharrekoa: ez da zugatik, nigatik da; espazioa behar dut, nire burua landu; segur aski, desberdina zatekeen hiruzpalau urte barru elkartu bagina. Hiruzpalau edo bospasei, zalantza. Banekien «sentitzen dut» esan behar nuela, sentitzeak beti egiten gaituelako onberago, sentitzen duguna ez definitu arren. Zerbait haustean «sentitzen dut» eta «barkatu» esan behar dira, nolabait onartu parekoa alferrikako inbertsio batera bideratu dugula. Harreman afektiboak ere inbertsiotzat ditugu eta errentagarritasuna nahi dugu. Hau, noski, ez da esan behar. Gainerakoa bai, dagokion dramaturgiarekin —hemen begirada apaldu, hor tonu hauskorra, mantendu segurtasun distantzia—.

Total, hori dena eta horrela esan niola H.-ri, eta berak «ea beste norbait dagoen» galdetu zidan. Nik ezetz esan nion beroan, eta orduan H.-k ulertzen ninduela, espazioa ondo etorriko zaiola berari ere, sentitzen duela, eta «denbora bat» hartzea proposatu zidan. Eta halaxe nago atzotik, H.-ren «denbora» hartuta, ile-apaindegira joan eta etxera kilo bat antxoarekin itzuli banintz bezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.