Aita santua hil da, eta behin hilda bihurtu da benetan santu. Nik nire izena aukeratzerik izan banu, ez zakiat Karla hautatuko nukeen, baina Jorge Mario Bergoglio izanda ezin diat ulertu nola hautatu huen Frantzisko. Barka ezak, baina Leizarragak ere Jainkoari hika egin bazion —«Gure Aita ceruëtan aicena, Sanctifica bedi hire Icena, Ethor bedi hire Resumá»—, hi ere ez haiz gutxiago izango. Pobreen aita santu izendatu hinduten, Latinoamerikako lehena, lehen jesuita. Armen kontra eta bakearen alde hitz egin duk. Goizeko 04:45ean jaikitzen omen hintzen errezatzera, ez omen huen telebistarik ikusten 1990etik, hire postre gustukoena esne-gozokia huen eta musikari maiteena Richard Wagner. Emakumeak goratu hituen, baina esan huen genero ideologia «kolonizatzailea» dela, eta abortua «arazoak konpontzeko sikario bat kontratatzea». LGTBIQ+ kolektiboa nolabait defendatu huen, baina sexu aldaketak «duintasuna urratzeko arriskua» duela esan. Amets Arzallus eta Ibrahima Balderen Miñan liburua irakurri eta gomendatu huen. Hala ziok liburuko pasarte batek: «Maliko basamortuan gorpu asko dago. Han, hiltzea bizitzea baino errazagoa da». Hi ez haiz Malin hil.

Karla eta Frantzisko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu