Aupa, irakurle! Bai, hemen naiz berriz ere. Bulego taldearen abestiarekin entzun dezaket zuen emozioa: bueltan da! Uste dut ia azalpen beharrik ez dagoela, baina despistatuentzat: Karla naiz, Maialen Akizuk tarteka zutabeak egiteko eskatzen dion eskumutur kontsakratua. Ostiralean deitu zidan lehendakari baten tonuan esanez Aste Santuaren kontra dagoela, Estatu laiko bat amesten duela berak, egutegia guretu behar dugula eta blablabla, baina atsedena behar duela, eta ea egingo nion faborea. Aste Santuaren kontra baina oporren alde bera. Oraingoan baiezkoa konbentzituta eman diot. Pasa den urrian Bilboko Biran Andoni Egaña eta Maialenek izandako bertso-saioan Maddi Ane Txoperenak gai batean aipatu ninduen, eta luze egin zait ordutik isilik egon beharra. Gaian Andoni jarri zuen nire paperean, eta hauxe kantatu zion Maialeni: «Ordezkotzat hasiak/ sarritan langintzan/ goiko erpina heldu/ ohi dute bizitzan./Ia ulertzen duzun/ anafora gisan:/ zu baino hobea naiz/ nahiz eta zu izan». Eta publikoa txaloka. Batek pentsa lezake Andoni Egañak zure paperetik kantatzea «bizitzaren goiko erpina» izan daitekeela, baina niri poz handiagoa eman zidan Maddi Ane Txoperenak ezagutzen nauela jakiteak.

Karla bueltan da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu