Eusko Jaurlaritzak 3,4 aldiz publizitate gehiago jartzen du ETB2 katean ETB1en baino. Ez naiz marketinzalea, baina asko gustatzen zaizkit iragarkiak. Sormen lan kuriosoa iruditzen zait marka batek bere burua saltzeko erabiltzen duen denbora apurra, zein kolore, zer esan, zeinek. Eta Jaurlaritzarenek atentzioa ematen didate. Iragarki batek zutaz gehiago esaten du iragartzen duzunaz baino, eta Jaurlaritzak telebista publikoan euskal poliziarako lan deialdien iragarpenak zabaldu ditu bere zigiluarekin barra-barra. «Zure garapen pertsonal eta profesionala bermatzen duen lanbidea. Etorkizun seguruago bat guztiontzat. Ertzaintzan eta Euskadiko udaltzaingoetan sartzeko deialdi bateratu berria. Zatoz euskal poliziara eta eman zure onena». Eusko Jaurlaritzaren enplegu publikoan eskaintza zabalagoa da —Euskadiko Administrazio Orokorra, justizia administrazioa, hezkuntza, Osakidetza…—, baina nik ez dut Jaurlaritzaren iragarkirik ikusi aholkulari juridiko, garbitzaile edo euskara irakasleen lan deialdietarako. Eta badakigu: publizitateak ez ditu produktuak saltzen, premiaz mozorrotutako desioak baizik.

Jaurlaritzaren iragarkiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu