The Guardian-ek X sare soziala utzi du, toxikoa dela iritzita. Albisteaz ari ginela, afalkideak hainbat zifrako zenbakiak eman zizkidan: Elon Muskek erosi zuenetik X-k galdu duen salmenta-balioa eta Donald Trumpek lortu dituen botoak. Nik, ezer baino lehen, bi erreakzio agertu nituen egunkariaren erabakiaren harira. Bat: poza. Bi: bazen garaia. Neuk ere ezabatu bainuen —orduko— Twitter kontua, antzeko arrazoiak tarteko.
Biharamunean, galderak: derrigorrezko ikusgaitasunaz, ikusgaitasunari uko egiteko pribilegioaz, ikusezin bihurtzeraino ikusgarritzeaz. Cristina Moralesek esan zidan geure bizitzak ez, «egiturazko indarkeriak ikusarazi behar dir[el]a, ez daitezen gehiago egiturazko izan». Belztasuna lantzen duen Sondra Perry artistari, berriz, hau irakurri nion, Legacy Russellen Glitch feminismoa: Manifestu bat liburuan: «Ikusgaitasunaren kontzeptuak, bere horretan, aurresuposatzen du sistema honek ez gaituela hilik nahi. Jendeak maiz ahazten du hori: sartuta gauden leku askok akabatu egin nahi gaituztela… Ez gaude hor egoteko eginda». Horren aurrean errorea. Horren aurrean glitcha.