Angel Erro.
JIRA

Itzalaldia

2022ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Frantzian, energia eskasiarako, antolatu duten itzalaldia nola eginen duten ikusi dut (zonaldeka, baina ez departamentu oso bat aldi berean, sistema informatiko batek erabakita, hots, ia-ia ausaz, hiru eguneko aurrerapenaz abisatu eta epe horretan kontsumoa ez bada nahikoa jaisten abiarazita...). Eta atzo hasi zen negua. Egoera zailei aurre egiteko sasoia guztien iruditerian.

Inoiz aplikatuko badute ere, kontsumoa murrizteko kanpainaren antza hartzen diot. Momentuz funtzionatzen ari omen zaio Macroni.

Frantziako presidenteari hain ongi funtzionatu ez diona Munduko Futbol Txapelketa izan da. Ez naiz selekzioaren emaitzaz ari, populartasuna handitzeko kanpainaz baizik. Halako itzalaldia egin diote jokalariek, zeinek, ikusi dugunez, ez baitituzte beroegi hartu Macronen hitz bihotz altxagarriak. Hitz egokiaren zientziaren gainetik dago une egokiarena. Gaur ikusi dut Macronen beste argazki bat, arabiar agintarien artean gol bat suhartasun itxuragabeaz ospatzen. Frantziako lehen zalea.

Argentinako presidenteak, berriz, etxetik jarraitu zuen partidua. Argazki bat zabaldu zuen, ez profesionala, berak egina baizik, etxekoekin telebistaren aurrean. Populismo seguruenik eraginkorragoa. Desagertzen ere jakin behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.