Norena da Irulegiko Eskua? Denona erantzuteak, edo nafar guztiena, euskaldun guztiena edo gizateria guztiarena erantzuteak, erantzun egokiena ematen du, baina gaur, Patenteen eta Marken Espainiako Bulegoak onartu ez duelako, jakin dut hamahiru pertsona fisiko edo juridiko saiatu direla Irulegiko Eskua marka komertzial gisara erregistratzen. Haietako batzuek eskuaz (izenaz edo irudiaz), beste batzuek bertan azaldutako Sorioneku hitzaz jabetu nahi izan dute. Norena da Sorioneku ere? Hasteko eta behin hitz hori hipotesi paleografiko bat da. Oraindik ez dakigu, esaterako, Sorionegu ez ote den. Eta oraingo euskarazko zorioneko hitzarekin zuzenean lotzea, oso litekeena den arren, oraindik balizkoaren eremu aspergarrian dago.
Egunotan urtebete joan da ezusteko aurkikuntza ezagutzera eman zutenetik. Zer azkar pasatzen den denbora (indusketa batean deskubritzen zaituztenetik aurrerako denbora batez ere zer azkar pasatzen den). Dagoeneko urtebete! Askoz gehiago ematen du, agian hain baitzen handia orduko presa aurkikuntza geureganatzeko, ospatzeko eta nork bere opilari hurbiltzeko. Bestelako presa ere bazegoen: orain esaten denez, zera monetizatzeko. Esku zabala eskuluzeen esku gelditzekoa.
JIRA
Irulegiko eskuluzeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu