Dena emanda ari naiz igeri, ito beharrean noa, zakatzak nahi ditut, irlaraino esan dugu, atzean geratzen ari naiz, ezingo dut, ezingo dut, baina segi egiten diot, ez naiz gelditzen, menperatzen dudan estilo bakarra txakurrarena da, irla han da, segi egiten diot, iritsiko naiz halako batean, ezin dut gehiago, segi beste pixka batean, deskantsua behar dut, giza alga banitza abandonatzen natzaio itsasoari, zeru zuria ikus dezaket begiak betean. Neu naiz irla, baina oraindik ez dakit.
Gauza asko da Donostia. Ospitalea da Donostia, goizeko seietan jaikitzea gurasoekin medikutara joateko, Bretxako azoka zaharra, udako oporrak lehengusuekin, ihes eginda etxera zuzen iritsi nintzenekoa, Kontxako hondartza gorputzez betea, ama balkoian puntua egiten jende gehiegiak nekatu egiten zuelako, irlara iritsi nahia.
Gauza asko da Donostia, liburu ugari. Lehenengoetakoa, ikastolan esanda irakurri genuela uste dut, Joxe Austin Arrietaren Abuztuaren 15eko bazkalondoa. Eta liburutik gogoan dudana, auskalo zenbat mila sinapsi ostean oraindik hor dagoena, neure buruan osatu nuen irudia: abuztua, beroa, zerua zuri, Azor yatea uretan.
Dena itzultzen da: egunotan aurkeztu dute Azor yatea, txatarra bihurtuta.
Jira
Irla izan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu