Donald Trumpen arantzelak dira hizpide titularretan. Itxuraz, denok antzemango dugu eragina, haizeak eta kakalardoek, langileok eta enpresariek, baita dinosauro teknologikoek ere: Metak %12 galdu omen du kotizazioetan, Amazonek %10, Nvidiak %15. Baina, gehien-gehien Applek egin omen du behera, eta haren irabazien oinarrian dagoen telefono mugikorrak dira kinkan daudenak. Appleren mugikorrak Kalifornian diseinatzen dituzte, baina Txinan muntatu, Japoniakoa da pantaila, eta baterien kobaltoa zein litioa Kongoko Errepublikatik, Txiletik eta Argentinatik datoz. Kalkuluen arabera, produkzio kostuak %43 igo dakizkioke. Applek iPad edo Apple Watch enpresak Txinatik ateratzea erabaki zuen gerra komertziala hasi berri, eta Vietnam eta Indiara mugitu zituen. %46 eta %26ko arantzelak dituzte herrialde horiek, azken neurrien arabera. Ez nau kezkatzen Applek, eta badakit sagarra ez dela ustelduko, baina gaur egun zer den nongoa, zenbat eskutatik, noren eskuetatik pasatzen den esku artean duguna, eta nondik nora garamatzaten, hori kalkulatzen zailagoa da.

iPhonearen arantzelak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu