Angel Erro.
JIRA

Inozokeriaren onurak

2023ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Atzokoan agian amaituko ez dudan saiakera mardul batez aritu nintzen; gaur, amaitzear nagoen telesail dokumental batez. Cunk on Earth du izena; eta berez mockumentary da. Aurkezlea, Philomena Cunk, BBCko dokumental serioetan aurkezleek erabiltzen duten tonuan eta haien ohiko makulu hitzekin aritzen da, baina bestelako logika batekin: «Lehen Mundu Gerran milioika gizon gazte hil ziren, baina, zorionez, gizadiak gizon mota berri bat deskubritu zuen: emakumea».

Showaren giltzarrietakoa dira Cunk andreak zenbait adituri egiten dizkien aurrez aurreko elkarrizketak, dokumentalean zehar tartekatzen direnak. BBCko saio batean parte hartzen aritzearen pozak edo kazetari/ emakume gazteen (edo oro har gizadi osoaren) ezjakintasunaren susmoak normal erantzunarazten die galdera burugabeenen aurrean.

Inozokeriak baditu bere onurak. Gauzak bestela erakusten dizkizute. Elkarrizketetako batean, Historia militarreko irakasle batek Cunk-i gezurtatu behar dio Hiroshimako bonbaren ostean herrialdeek arma atomikoak ekoizteari utzi ziotela, berak uste bezala. Aurkezlea, hori entzunda, hasten da negarrez. Aditua (eta oro har gizadi osoa) hitzik gabe gelditzen da. Armeniarren enegarren exodoaz ere galdetzen ahal zion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.