Angel Erro.
JIRA

India?

2023ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Inarrosi dira zenbaiten barrenak, Indiak (guk aspaldidanik India izenaz, kolonizatzaile britaniarrek emandakoaz, ezagutu dugun lurraldeak) bere buruari beste izen bat eman nahi diola jakitean. Ez da izen berria, aspaldian India hindieraz Bharat deitu izan delako. Bharat edo ikusi beharko da Euskaltzaindiak zer erabakitzen duen. Barat eta baratarrak?

Irailaren 18ra arte dago astia, egun horretan Indiako parlamentua bilduko baita aldaketa onartzeko. «Indiako» erabili dut, baina ez izen berriaren kontra nagoelako. Epeak, berriz, begiratzekoa naiz. Eta niri ez dagozkidan eztabaidetan ez sartzekoa ere bai. Berdin kolonizatzaile (edo postkolonizatzaile) deritzot exonimoa inposatzeari nola besteen endonimoa zein behar duen iritzi sendoa edukitzeari.

Iritzi kontrajarriak omen daude izatekoa den Barat-en ere (aipa dezadan orain, orekatzeagatik, hindierazko deituraz). Minoriak berdintzeko baliatuko ote duen Modi presidenteak. Haren oposizio ia gehiena kasualitatez INDIA siglak dituen koalizio batean bildu da, datorren urteko hauteskundeetan postutik kentzen saiatzeko.

Iruñea eta Pamplonaren artean (edo Gasteiz eta Vitoriaren artean) bezalako logika aplikatzea erosoa litzateke, baina kanpo kontuak beti dira konplikatuagoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.