maialen akizu 34 172x172

Imitatu Shakira

2025eko apirilaren 29a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ikastetxe bateko jolastokian gertatu da. 12 urteko lagun-talde batek bere lekua hartu du atsedenaldian. Aulki berde bat da, lehenengo iristen direnek esertzeko tokia izaten dute, eta beranduxeago datozenak lurrean edo lagunen magalean esertzen dira. Mangaz hitz egiten dute, txutxu-mutxuez, azterketez. Lagun-taldean mutiko bakarra dago, ez zaio futbola gustatzen, eta badaki nor diren bere lagunak. Gaurko atsedenaldian urtebete zaharragoa den mutiko ile-hori bat azaldu da euren parera. «Ei, zu –taldeko mutikoa seinalatu du–, esan didate Shakira imitatzen dakizula. Erakutsi diezadakezu?». Lagunaren magalean eserita zegoen mutikoa zutitu, eta Shakiraren gerri-dantza imitatzen hasi da iaio-iaio. «Itxaron, lagun batzuen bila noa». Handik gutxira aulki berdera dozena erdi lagun inguratu dira, eta aurretik etorritako ile-horiak horietako bat aurkeztu du. «Alvarok ere Shakira imitatzen daki, eta nola egiten duzun ikusi nahi du». Eta halaxe, korroak Shakiraren abestiak kantatzen zituen bitartean, Shakiraren bi imitatzaileak dantzan aritu dira txirrinak jo, eta bakoitza bere gelara itzuli arte. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.