Haize hotza zabal dabil, txistu egiten du, etorbidean behera dator, jendea burumakur doa, metroko zuloaren alboan gizonak zigarro bat piztu du, ez du haize bolada batek botako, aspaldi da erori zela, lehen bazuen fedea liburuetan, lehen bazuen fedea gizakiengan, oharkabean jasotako humanismo batek erakusten zion bidea, gizakia zen munduaren neurria, gizakia zen legea. Orain legea da gizakia, papera eta sinadura, eskubide sorta bat, zergatik galdetzen ahaztu zaion zergaduna, eta haize hotza zabal dabil, txistu egiten du, etorbidean behera dator, jendea burumakur doa, metroko zuloaren alboan gizonak zigarro bat piztu du, eta su eman dio liburukote bati, eskuak berotzeko.
Libre geratu zaion eskua jakaren sakelan sartu eta, nire harridurarako, liburu txiki bat atera du, Giza parkerako arauak, Peter Sloterdijkena, eta ozen hasi da irakurtzen, munduko kale kantoiak oro Speakers' Corner izan daitezkeela aldarrikatu nahian bezala: «Joan da humanismo modernoa eskola- eta hezkuntza-eredu zen garaia, ezin baitzaio gehiago eutsi makroegitura politiko eta ekonomikoak elkarte literarioen eredu atseginaren moldera antola zitezkeelako ilusioari».
Haize hotza zabal dabil, jendea burumakur goaz.
Jira
Ilusioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu