Igandea da, eta atzo —oraindik ez dakit—, agian, kanpoan ibiliko nintzen gauez, tabernaren batean, disko batean gero dantzatzeko, eta gaur goizean itzuliko nintzen etxera. Lagun batekin hizketan egonen nintzen itxi dizkiguten gaztaroko tokiez, tonu elegiako egokiarekin. Faltetsiko genuen orduan gauari zerion osagai sexuala. Oraingo gazteek ez dute tabernetan elkar ezagutu beharrik. Mugikorreko aplikazioen bidez egin beharrekoak eginak datoz, etxetik txortan eginak, edo geroko uzten dute bestela. Lagun eta biok ere aplikazio bat edo beste izan dezakegu mugikorrean instalatuta, baina, halere.
Inguruko jende zaratatsuaren artean, garai batean bezala, baina itxaropen gutxiagorekin aspertuko ginenez, jarraituko genuen hizketan eta orokortzen. Ez bakarrik ligatzeko orduan, bestela ere asko aldatu dira giza harremanak. Nekez lortzen duzu lagun batekin kafe bat hartzeko gelditzea. Sare sozialetan etengabe elkarren berri dugunez, zertarako elkartu, zer esanik gabe gelditzeko arriskuan erortzeko? Lagun batekin gelditzea lagun hori galtzeko biderik errazena da. Lagun batekin egoteak denbora kentzen du lagun guztiekin egoteko.
Hau guztia, azkenean lortzen badut larunbat gauean norbait nirekin ateratzea.
JIRA
Igandea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu