Lagun baten storyak gogoratu eragin dit. Izaro Ieregi artistak amorru femeninoaren inguruko performance bat aurkeztu berri du, ANGA, eta Instagramen zioen: «deitu nazazue oihukatu diezazuedan. hutsik geratu arte errepikatu nahi dut». Jarraian etorri zait beste esaldia, orain dela urte batzuk egunkari honetan bertan kaleratu nuena udako narrazio batean: «Nerek bakea sentitu du —hogeirekin gutxiesten zuen; hogeita hamarrekin irrikatzen—, baina hoteleraino eutsi dio. Gelako atea ireki, eseri, eta gustura egin du negar, hustu arte». Hurrengoa izan da Mari Luz Estebanek Haragizko erreformak liburuko poema baten harira esan izan duena: 2011 osteko Euskal Herrian behar dugula, lehenik eta behin, elkartu eta negar egin, behar beste denbora, min denak atera arte, gertatu diren guztiak, eta ondoren hitz egin hitz egin beharrekoaz.
Bikotekide ohi batek —gaur egun, laguna— «negar-saio eder bat egitea» deitzen dio. Eguna zer moduz galdetuta, behin baino gehiagotan esan izan dit: «Uff, ondo, Dan. Negar-saio ederra egin dinat arratsaldean». Lehen beldurra ematen zidan; orain, inbidia.