Oles egin, bizilagunak agurtu, eta lurrari esnatze gozoa opatzen zaio gaur. Neguko solstizioaren ondotik eguna luzatzen hasi da, zuhaitz adarrak kimu berritzen, eta orain da inausteko garaia. Diruz eta oinetakoz aberats, eztarriz sano, eta kantatzeko gogoz, erritu folklorizatuetarako mozorroa jantzita biltzen gara elkarrengana. Eta, gaurko egunez berdinduko dira mugikorra eta hurritz makila; bietakoren bat etxean ahaztuz gero, akabo. Corylus avellana. Makotu edo okertu ondoren bere onera erraz bueltatzen den egurra. Sasi-sastrakak igarotzeko, ganadua gobernatzeko, edo inori bizkarra berotzeko erabilitakoa. Berariaz eta dotoreziaz egindako makilak dirudite hurritzaren altsumek, gizakion esku-eskura jarriak; lurraren beste opari bat. Pello Zabalari makila magikoa balu zer egingo lukeen galdetu zioten, eta honek erantzun, makilatxo magikoa baino nahiago zuela berak hurritz makila. Gurean bizia ematen duen hurritz makila dela. Pasa den ostiralean, otsailaren 2an, izan zen Pelloren heriotzaren urtemuga, eta begira, hurritzak eman dio bizi pixka bat.