Munstroak bihotzikara ematen du: metodikoa da, langilea, argia, betaurreko finak dauzka, bata zuriz jantzita doa, emaztea eta haurrak ditu etxean zain, bere lana betetzera mugatzen da, aginduak betetzen ditu, zientziaren garapena du helburu, gizateriaren alde ari da azken batean.
Ez ziren medikuak bakarrik. Munstroak begi pare asko ditu. Soldadu batek hitz egin zuen gero: zuloa egiteko esaten genien, egiteko zuloa sakon, eta bukatutakoan igotzeko gora. Tiro egiten genien orduan, eta zulora erortzen ziren, banaka-banaka. Eta zer sentitzen zenuen?
Ezer ez.
Ez zenuen ezer sentitzen? Ez, ezer ez, ondo destatzea beste pentsamendurik ez neukan. Gorroto nituen juduak. Badakit gogorra dela hau esatea, baina halaxe zen, eta halaxe da orain ere, egin zigutena oso larria izan baitzen. Munstroak sekula ez du uste munstroa denik.
Jaikitzen da goizean goiz, hartzen du autoa, iristen da lanera, hartzen ditu hiru kafe, sartzen ditu bere orduak, egiten du ahal bezain ondo, itzultzen da etxera, afaltzen du familiarekin, ematen du ordubete telebistaren aurrean, garbitzen ditu hortzak, irakurtzen du pixka bat, eta loak hartzen du ohean.
Eta hortzekin egiten du amets, munstroaren mekanikarekin.
Jira
Hortzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu