Badakizu kontatzen gertatu zaizuna, atzo non izan ginen eta zer egingo duzun bihar. Badakizu galderak egiten, erantzuten, aginduak ematen, arrazoiak, menpeko esaldiak erabiltzen eta ez-entzunarena egiten. Grazia egiten digute hitzei egiten dizkiezun collageek —kameloia, sukadorea, gralatea—, eta hesteak gogortzen beste hitz batzuk jada ikasi dituzulako — «Eske minbizie zeuken»—. Kutxabankeko presidenteak esan du gure hizkuntza mugatzailea dela kanpoko talentua erakartzeko. Nik hizkuntzaren mugak zuri hainbeste gustatzen zaizun jolas horretan antzematen ditut gehien. Tarteka, hizkuntza komiko bat sortzen hasten zara, eta niri erantzuteko eskatzen didazu. «Kiapata? Bakatona eribala», esaten didazu. «Alapeti» erantzuten dizut. Eta zuk segi. Badakizu jolasa zentzugabekeria fonetikoak esatean datzala, eta ni baino hobea zarela. Niri zaila egiten zait lexikoa desegitea, sustraien arrasoetatik ateratzea, homofoniak traizionatzea. Azkenean lortu dut masailezurra hara-hona mugituta esaldi ulergaitz luze xamar bat ahoskatzen: «Arrulapenka arpekagila». Eta barre egin didazu: «Oso ondo, amatxo».

Hizkuntzaren muga
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu