Iñigo Astiz idazlea animalia balitz, ez dakit zein izango litzatekeen, baina seguru nago berak pentsatu duela honetaz. Monogamoak ipuin liburuaren idazketa prozesuan hiru euli ibili omen ditu paseoan Astizek: umorea irakurtzeko modua, errealitatearen eta artifizioaren arteko tenka, eta literaturari buruzko aurreiritziak. Laugarren bat ere etorri ohi zaio de paso: idatziaren eta ahozkoaren korapiloa. Eta ondoren itxaron egiten du, idatziz itxaron, zertan ari den jakin gabe, itxaron.
Euliekin amorratuta nenbilen ni aspaldian, baina orain horiei ere kasu egin behar. Koadernoa zabaldu eta idazten hasi naiz, zain nagoela idazten, eta hara-hara, badator lehena. Idazmahaian kokatu da, eta behetik gora begiratu dit; badaki umorea nola egin. Bigarrena ere, tapa. Koadernoa gustatu zaio euli honi, eta inork irakurtzerik nahi ez nituenak leitzen ez da ba hasi. Eta osatzeko, hirugarren moskateroa. Eskumuturrean pausatu da hau, eta Cortazarren ipuin hartaz oroitu naiz: gizon bat begirada hipnotikoa duen anfibio bat ikustera joaten da egunero akuariora. Orduak ematen ditu animaliaren aurrean, ulertu nahian, euren arteko harremanaren miran, harik eta egun batean, gizon bat ikusten duen akuariotik irteten. Pareko neskatila honi ez al dio inork esango betaurrekoak garbitzeko?