Itziar Ugarteren esaldia gogoratzen dut gaurko egunez: «Hildakoen eguna da bizirik gaudenontzat». Hildakoen egunean hildakoen lekuetara joaten gara: hilerrira, mendira, azkenekoz elkarrekin egondako terrazara. Ekimen polita abiatu dute Antzuolan: hogeita hamar urte barruko hilerria irudikatzen aritu dira herritarrak. Aurrekontu bati lotu gabeko gogoeta izan da, eta elkarrekin heriotzaz aritzea zen helburua. Hilerriko atean bihotz bat egotea proposatu dute 4 urteko ikasleek, hilerriaren zaintza bermatu dadila Gaztelekukoek eta elizan lanean aritzen diren andreek, hilerriak herritarrena behar duela izan nabarmendu dute denek. Nik ere sekula pentsatu gabe nuen etorkizuneko hilerrian, eta ariketa egin dut: nik hilerri horretan loreak irudikatzen ditut —geranioak, petuniak, liliak—, bakoitzak beretxoari jarri beharrik gabe, denei loreak jartzea bermatzea nahi nuke; nik hilerrian taberna bat ipiniko nuke, dolua konpartitzeko, trago txarrei buelta emateko, arimek kafe bat hartzeko; nik hilerrira bisitak antolatuko nituzke tarteka, hildakoen lekuek tokia dutelako bizitzan.
Hildakoen lekuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu