Aurreko asteko beroak, eta aste honetako zaparradak. Noiz eman buelta baratzeko lurrari? Asteburuan kukua entzun zenuten. «Hasi da udaberria», esan zuen aldamenekoak. «Bukatu da negua?» galdetu nahi zenion, baina ez zineten ausartu. Zu hartzarekin gogoratu zara. Esnatuko al ziren? Beti entzun duzu hartzek negua lozorroan pasatzen dutela, baina sekula ez duzu pentsatu nola esnatzen diren, denek batera irekitzen ote dituzten begiak, edo ba ote den hartzen artean oilarrik gainerakoak esnatzeko. Baduzu lagun bat horrelako gauzak ere badakizkiena. Idatzi egin diozu, eta erantzun egin dizu Erronkariko basozain baten audioarekin. Aurtengo abenduan, oraindik, esna omen zebiltzan hartzak, euren lorratzak toki ezberdinetan topatu zituzten. Zalantza egiten du basozainak nolako hibernazioa izango zuten. Gero bi albiste bidali dizkizu lagunak: «Pirinioetako hartzak hibernaziotik esnatu dira». Martxoaren amaierakoa da albistea eta bideo bat dakar. Hartz arre bat, saltoka, motel. Kamerara hurbildu eta miazka hasten da. Poztu zaitu, negua udaberritu arren, pantailak ez direla loratu jakiteak.

Hartzen hibernazioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu