Jira
Hamar
Hamar urte neuzkanean ez nekien gero bizitza hainbeste bihurritzen zenik, eguneroko bizilaguna bihurtzen zenik heriotza, ahanztura, nahigabea, ez nekien erabaki okerren zama hain astuna bihurtzen zenik, ez nekien zer den loa moztea, ametsak asaldatuta esnatu eta gero berriro begirik bildu ezina, gauaren ilunean balkoian zigarroa piztea, eta jendea ikustea sukalde proletarioetako argi horixken pean gosaria prestatzen, eta behebarruko atea irekitzen kanpoko hotzak lepoa uzkurtzera bultzatuta, dortoka batek arriskuaren aurrean bezala, ez nekien zer den bihotza eta burua abaila bizian amiltzea hondorat, ez topatzea zentzurik ezeri, ezin biltzea eguneroko eginbeharren poltsan aurrera egiteko indarrik, eta hala ere aurrera egitea, ez nekien zer den hamar urteko haurrak ikusi eta haietan zeure iragana bilatzen hastea, eta zeure burua berregitea besteren kausaz, ez nekien zer den eguna noiz mugituko zain egotea izara bihurrietan bilduta, loak hartu nahi eta ezinda, bihotza urduri burua taupaka bizian, argia noiz egingo desiratzen, nahiz eta jakin gero munduak betiko kalaka aspergarrian jarraituko duela, berriekin entretenituko, eta hamar urtekoen hitzak ere galdu egingo direla iluntasunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu