Berriz esnatu nau gauerdian haizeak. Zer ez du astindu. Gordeak ditudan esaldien artean Henning Mankellen hau dago: «Norberak sor dezake, behar duenean, existitzen ez den haize bat». Gosaltzen ari ginen eta ondokoari galdetu diot: nola sortzen da haizea? Berak asko daki horrelako gauzez. Horrelako gauzak fisika, matematika, neumatika dira. Nik ez dakit horrelako gauzez, interesatzen zaizkit, eta ulertu nahi ditut, baina kontatzen hasten zaidanean entzuten dudana magia da, metaforak, literatura. «Haizea presio aldaketengatik sortzen da». Nik galdetu diot ea zergatik aldatzen den presioa, pentsatzen ari nintzen bitartean, publiko aurrean aritzea tokatzen zaidanetan sentitzen dudan presioaren ostean, nonbait, haizea sortuko dela. «Presioa eguzkiagatik aldatzen da, tenperatura aldaketagatik. Borraska presio baxua da, eta antizikloia altua». Ajam batez erantzun diot eta tostadari kosk egin. Biok dakigu ez dudala ulertu. Edo bai, baina ez erabat. Pentsatu dut probatu behar dudala eskuak ukabil eran ixten, itxi-itxita edukitzen, presioaz odola gelditzeraino, eta gero ireki eta ixten, ireki eta ixten, eskuetako berotasuna hozteko, hoztu-berotu, hoztu-berotu; ea haizerik sortzen den.

Haizea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu