Espazio-denboraren lerro honetan huts egiten ez duen esaldi horietarikoa da «gutxiago falta da». Munduaren parte zehatz honetan esaldiak, oposiziokoa ez bazara (zeren, orduan, hurrengo hauteskundeetan boterea berreskuratzeko egunaz ari baitzara), uztailaren seikoari egiten zaio erreferentzia. Baieztapenaren egiazkotasuna berresteko, Iruñean, atzerako kontua egiten duen erloju bat eduki badugu, zeinarekin, bide batez, turistei erakusten baitiegu hiriko festek noraino bizi gaituzten.
Erlojuaren existentzia enpresa baten ekimenari zor zitzaion. Enpresak erreka jo eta itxi duenean, beste bati egin zaio txanda-pasa, udalak berak bestela esku hartuko lukeen gaztigu lasaigarriarekin. Gauza jakina da Iruñean tradizioak zein azkar sustraitzen diren. Esan gabe doa etorri zaizkidan bisitak eraman ditudala erlojua ikustera eta asteburu honetan bertan berriz eginen dudala, baina, inori esan ez arren, gezurrezkotzat hartuko dut bertan ikusiko dudan zifra. Uztailaren seikorako gutxiago falta da, egia da, baina, lehenago, bizialdia eramangarriagoa egiten didaten hainbat atzerako kontu (sekretu zein ageriko) abiaraziak ditut. Eta horrela igarotzen zaizkigu, espazio-denboraren lerro honetan, egunak.
JIRA
Gutxiago falta da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu