Eztizen Artolak Gurpilak izeneko eleberria ondu du. Ihintza izeneko pertsonaiak aita du espetxean, espetxea da «aitaren etxea», eta ez du defendatu gura. Haur motxiladuna izan da, gazte motxiladuna bihurtu da, eta zer dator gero. Ihintza aitaren bisitetara bere lagunekin joaten da eta Mirentxin deituriko batzuek eramaten dituzte furgonetan. Bere bide eta oinaze, haur zoriontsua da Ihintza, espetxera pozik joaten da, sostengua baduelako, eusten asmatu dutelako ingurukoek, kasurik gehienetan amek, familiek, baina baita bestelako «bigarren mailako» pertsonaiek ere.
Euskal gatazka delakoaz aritzeko beste errelato bat da Artolarena, niri azpimarratzeko interesgarrienetako bat iruditzen zaidana. Haur motxiladuna nola, zenbaten artean, zergatik zaindu da asteburuetan? Mirentxin zer den azaltzen da euskal gatazka lantzeko unitate didaktikoan? Zer esan nahi du «maite zaituztegu» horrek? Liburuko pasarte batean aita espetxetik atera eta bueltarako bidaia kontatzen du Ihintzak: hainbatetan irudikatutako bidaia sekula ere ez zuen hilekoarekin imajinatu. Odolaren lekuan, hilekoa.