O, nerabeak. Garaiaren gatibu. Aknea izan baino lehen dagoeneko askok badu pototik baino segatik gehiago duen mugikorra. Eta ez dute horretarako adinik, ez daude prestatuta, gu euren adinean ez ginen horrelakoak, eta, gaur egun, bilatu ere egin gabe, iritsi egin zaie, esplizitu, bortitz, kitzikagarri. Esplizitu, bortitz eta eskatu gabe jasotzen dituzte eskuin muturraren bideo homofobiko eta faxistak ere, baina horiek ezin dira kontrolatu. Pornografiak kezkatzen gaitu.
Aurrekoan batek kontatu zidan berak etxeko wifia konfiguratuta daukala halako bideoetarako sarbidea debekatzeko, eta mugikorrean ere algoritmo bat jarrita diela sarea mugatzeko. Nik ez dakit sarea eta muga bateratzeko aditzik jokatzen. Eta aitortzen dut pornoak baino beldur gehiago ematen didala guraso bihurtzeak.
Ez dut sinisten gurasoen monopolioan, baina nola hitz egin sexuaz, maitasunaz, nola zaintzaz, ezpainetan muxu emateko ere haurrak oheratu zain bagaude, sekula ez badugu ikusi etxekoen gorputz biluzirik, eta egunero oheratzen bagara aldamenekoaren bideoei ez ikusiarena eginda.