Aste osoa daramat, egunez egun, zutabea kolore bati eskainiz: asteartean urdinari, asteazkenean zuriari, ostegunean gorriari eta ostiralean horiari. Atzo ez zen egunkaririk izan. Eta gaur da lehen eguna margoa errepikatzen dudana. Ahalko banu, hala jarraituko nuke beti hemendik aitzina, egunez egun zutabea kolore bati eskainiz, norbaitek gelditzeko esan arte (idatzi beharrean, berez margotzen edo, zehazkiago, pauso bat atzera emanez ikusi beharreko mosaikoa osatzeko teselak paratzen ariko banintz bezala). Koloreen nonbrea, ergelena bezala, fingabea da. Hor dago Pantone enpresa baieztatzeko. Eta egiaztatu dut edozertaz hitz egiten ahal dela koloreez mintzo.
Batzuetan geure buruari lotuegi gaude gauzak bere hartan, margoak margo, hartzeko. Gogoan dut behin literatur topaketa batean poeta katalan bat gonbidatuta etorri zela. Gona horia eta kamiseta gorria, edo alderantziz, zeramatzan. Uda zen. Eta euskal idazle ospetsu bat atzetik ibili zitzaion behin eta berriz Espainiako banderarena jantzita zihoala esanez. Eginen nuke behin ere ez zitzaiola burutik pasa koloreok Kataluniako banderakoak ere badirela; zer esanik ez neskak, besterik gabe, ongi ematen ziotelako jantz zitzakeenik. Eta zinez eder zegoen.

JIRA
Gorri (II)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu