maialen akizu 34 172x172

Glaziarren ezkontza

2025eko apirilaren 13a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ixea Vidaller glaziologoari irakurri nion, Elhuyar aldizkarian: «Glaziar bat galtzean, izotza baino gehiago galtzen da». Glaziar bat galtzean erregistro historikoa desagertzen da: likenak, hostoak, udaberriak, memoria. Glaziar bat galtzean paisaia bat galtzen da, eta adimen artifizialak egingo dituen izotz puskek ez dute begiradarik hozten. Glaziar bat galtzean munduko biztanleriaren laurdenak —2.000 milioi pertsonak— glaziarren urtzearen bidez lortzen duen ur geza galtzen du, eta horien artean daude Pakistan iparraldeko Baltistango herritarrak.

K2ren magalean eta Karakorum eta Hindu Kush mendilerroen artean urik gabe gelditzen ari dira dozenaka herrixka, eta herritarrak aspaldiko tradizio bat errekuperatu dute: goi mendiko eremuetako glaziar arrak eta emeak bildu, eta beste haran batera eramaten dituzte. Bertan ezkontzaren moduko zeremonia bat egiten dute, eta handik hamar bat urtera sortzen omen da glaziar haurtxo bat. Ikerketak egiten ari dira errituak emaitzak ematen ari direlako. Ez dut topatu nola bereizten dituzten glaziar arrak eta glaziar emeak, baina ezkontzetan dugun sinesmenak betiereko maitasuna sortzen badu, nola ez glaziar bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.