Maialen Akizu.

Gizaberea

2024ko uztailaren 14a
05:00
Entzun

Besteak beste, edo batik bat, gizabereak garela dio Joxe Azurmendik. Animalia mota bat, hizkuntzak bereizten duen animalia bat. Eta hitz egitea ez da belarra edo patata tortilla jatearen pareko ekintza, ez da norberarena, eta ez da momentua asetzen duena; hitz eginez sortu egiten dugu, legea, kultura, horrorea. Gizabere izan baino gehiago bere gizatasuna azpimarratu nahi du askok, hizkuntza baino duinagoak, askeagoak, globalagoak direla aldarrikatu, eta hor dabiltza, «makurka ta poliki, arrastaka bidean, bizkarrezurra oker zerbitzuko lanean». Iriondoren eta Leteren kantan eskuak jaso eta haizerik ezin helduta dabil gizaberea, amets bat berotzeko astirik gabe, iraungo duen egia bat egin erditurik. Egun, amesteko ere orfidentalak behar dituen animalia izu hori garela abesten dugu Anarirekin, azazkalak, ilea eta beldurrak baino hazten ez zaigula. Azazkalak, ilea, beldurra eta gosea. Belarraren, kulturaren edo haizearen gosea. Leire Bilbaok hala idatzi du piztipoema batean: «Lurraren zilborretik/ atera ziren animaliak./ Horregatik/ gose direnean/ beren zilborrari begiratzen diote». Gure zilborra ez da bereizten gaituena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.