Orain larunbata da, erabat ilundu du, bustia izan da eguna, hotzak noa, leihoa ispilu bilakatu da, ez dit barru hutsa besterik itzultzen, aurikularrak jantzi ditut, ez dut ezer jakin nahi, utz nazazue bakean. Bi neskato dauzkat atzean. Hamabost bat urte edukiko dituzte. Musika entzuten ari dira sakelakotik. «Viva España!» egin du batek oihu trena Zarauzko geltokira hurbiltzen ari zenean. Besteak, autoritaterik gabe, «Pero esto es Euskadi» esan dio. Ondo, Gould, ondo, segi Goldbergekin, segi, ez geratu sekula. Arbelezko teilatu beltz pikeak ikusten ditut, zerua baino are beltzago, farolen argi ahula, pianoa leundu egin da, alaiago ari da orain, hondartza ikusten dut malekoitik, toldo txuri-urdinekin, laino meheak zeru urdinean irristan, olatuak hartzen ari gara, gero ogitarteko bat eman digute, lagunaren osaba-izebekin etorri gara, Seat 600 batean. Geratu da trena, ireki dute atea, «Euskadi es España» esan du neskatoak. Gero beste kantu bat jarri dute sakelakoan. Orain asteazkena da, martxoak 2 ditu, honezkero sartuta behar du soldatak,badakit zer nahi dudan:hobeak behar ditut aurikularrak, kanpotik ezersartzen ez zaien horietakoak.
Isolamendu ziegako giltzak nahi ditut.
Jira
Giltzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu