Esku batek estali baligu bezala, nahiko oharkabean igaro da bestela aste hasiera honetako gai deigarria izan litekeena, behintzat zutabegile jende alferrarentzat, bitxikeriez eta kontu deigarriez elikatzen baikara gehien-gehienetan. Astelehenean iragarri zutenez, munduko populazioak zortzi mila milioitik gora egin du, antza: estatistikoki alegia. Atzo,goizeko bederatzietan gertatu zen.
Datu bitxi eta deigarri gehiago dakartza mehatxua dirudien notiziak: mugarri hau zazpi mila milioiren langa gainditu eta hamaika urte geroago dator; kalkulatzen dute 2037an iritsiko garela bederatzi mila milioietara; hamar mila milioietara 2058an. Datu eta kalkulu hotzak dira, baina planetaren baliabideen argitara irakurtzeak zirrara eragiten du. Zirrara egoista ere bai, jakina, gure apalean edo gure ustearen kontra pribilegiatuak garenok are gutxiengo handiagoan egoteak gauzak konplika diezazkigukeelako.
Antzinako greziarrek, Iñigo Astizek Urtebetetzea izeneko olerkian gogoratzen digunez, gehiengoa deitzen zieten hildakoei. «Gero eta gutxiago gara. / Konparatiboki, diot (...). Egin kalkulua: salbuespena gara [bizidunok]». Horrek egia izaten jarraitzea ere arriskuan dago? Eta orain? Eta orain?
JIRA
Gero eta gutxiago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu