Pentsamendu konplexu eta lehenago jorratu gabeak bere adierazpideak sortu behar ditu, aurrera egin ahala. Dudarik ez dut hala dela, hizkuntzaren tranpa saihesteko, edo hizkuntzaren tranpa beste nonbait paratu edo hurrengoei igortzeko. Filosofo handiek hala egin izan dute. Gehienetan, baina, iruzurra sakatzeko trikimailua izaten da hizkuntza mordoiloa, itxurakeria intelektuala. Honen adibide adierazgarria izan daiteke sukaldaritza nola bete den goi arnasadun hitz eta kontzeptu handiez, emaitzaren prezioak gora jo ahala. Sentimenduetara eta kontakizun bat eraikitzera jotzen ari dira sukaldari gehienak, jatea esperientzia liriko edo oniriko bat bilakatzeko afanean. Eskua sakelean sartzen aritzearen lehen zantzua litzateke hori, ondokoa hunkitu nahi urgentziazkoa. Ferran Adria sukaldari katalana hurrengo mailan dago, sukaldea utzi eta Ludwig von Bertalanffyren Sistemen Teoria Orokorrarekin edo Kaosaren Teoriarekin lotuz bere lana.
Nire ustez, berritzailea izan daiteke, are iraultzailea ere, hitzak txipiroiaren tinta balitz bezala bota gabe. Kontrakoa ere posiblea da, jakina. Baina, horrelakoen aurrean, ongi dut gogoan bost xentimoko hitzek hamar xentimoko oniritzia eskatu ohi dutela, gehi eskupekoa.
JIRA
Gehi eskupekoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu