Jira

Gauza bera

Xabier Gantzarain Etxaniz.
2011ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Mundiala da: ezkerrak urtetan lortu ez duena erdietsi dute merkatuek, kanpoan da Berlusconi, Monti da lehen ministro berria, eta berea izango da gobernua osatu eta Italia krisitik ateratzeko ardura. Hala ekarri dute egunkariek. Serioa, fina, zintzoa, zorrotza, teknokrata bat. Hala ekarri dute egunkariek, disimulatzen ere ez dira saiatzen. Italiak ez ditu hauteskundeak behar, esan du Van Rompuyk, erreformak baizik. Greziak ere ez du behar hauteskunderik, erreferendumik. Mundiala da: nork behar ditu hauteskundeak, herrialde oso bat krisitik ateratzeko ardura teknokrata baten bizkar utzi daitekeenean? Krisia zeinek eragin zuen, inork ez daki, zeinek konponduko duen, are gutxiago, baina entretenitu gaitezen bitartean, aplakatu ditzagun merkatu ase ezinen tripa zorriak eta herritarren odol goseak, jar dezagun gizon zintzo hau hemen, egin dezagun itxura, eta, hala ere, merkatuek konfiantzarik ez, eta arrisku primak berriz ere gora, eta holaxe kontuak, izorratzeko tontuak.

«Tutti sanno tutto», esaten omen zuten Italian, Berlusconik egin zituenak hizpide hartuta. Gauza bera esan dezakete orain ere, oker egoteko beldur handirik gabe. Denok dakigu dena, lehen behintzat entretenitu egiten ginen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.