Insomnioa espirala da, eta espirala zurrunbiloa. Irentsi egiten zaitu, tu eginez bota, eta ez duzu jakiten esna ote zauden, lo, edo bien arteko linbo zelatari batean. Halakoetan gorputza lasaitzen saiatzen naiz, arnasa hartzen, pentsatzeari uzten, baina pentsatzeari uztea pentsatzea da, eta ez dakit nola egiten den besterik. Gogoratu naiz biharko bazkaria ez dudala izozkailutik atera, izozkailua hitzarekin errima gutxi daudela, flekilloa ondo geratuko zaidala, eta A.ri ostegunerako plan bat egitea ederra litzakeela. Geldi. Ez dakit nori entzun nion: burua ez entzuteko kokatu buruak belarrietan. Dokumentaletako kamerek gepardoa grabatzen duten pultsu berdinaz jarri dut arreta ingurumarian eta egun-argiz existitzen ez direnak entzun ditzaket: bizilagunaren autoko intermitentea, izozkailuaren argindarra, izaren marruskadura. Paradoxikoa da isiltasuna soinuaren anplifikagailua izatea. Eta ez dakit noiz gertatu den bart, baina halako batean espiralak bere baitan harrapatu nau, eta zurrunbiloaren zentroan, zurrunbiloaren begian, hartu nau loak.
Gauez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu